Zilar Ekonomia Landa Ingurunean

Rural Silver proiektua 2020an sortu zen, REDEL Toki Garapenerako Erakundeen Sareak sustatuta, Zilar Ekonomia landa-eremuaren berraktibazioko agendan sartzeko. Gaur egun proiektuaren bigarren fasean sartu gara.

 

Proiektu honen hasierako fasean 9 erakundek parte hartu genuen: Sodebur (Burgosko Diputazioa), Divalterra (Valentziako Diputazioa), Tarragonako Diputazioa, Nasuvinsa, Medina del Campoko Udala, Segoviako Udala, Iraurgi Berritzen, Lanbide Ekimenak eta Tolosaldea Garatzen. Horietaz gain, Plataforma50 Hacking Longevity aholkularitza-enpresaren laguntza estrategikoa izan zuen.

Rural Silver proiektuak zera bilatzen du: adineko pertsonekin lotutako landa-ekonomiaren potentzialtasuna aprobetxatu, ekonomia-jarduera barriak, ekintzailetza eta tokiko enplegua sortzeko; eta horrekin batera, landa-eremuko biztanleen bizi-kalitatea hobetu eta biztanle berriak erakarri.

Zahartzea da egungo erronka handietako bat, batez ere landa-ingurunean, baina, aldi berean, etorkizuneko egoerak aurreikusten dituen aukera bat ere bada. Alde batetik, 2019an Espainiar Estatuan, 65 urtetik gorako pertsonak 2.000 biztanletik beherako udalerrietako biztanleria osoaren % 28,5 ziren; eta 100 biztanletik beherako udalerrietan, berriz, % 40. Gero eta handiagoa den kolektibo bat, gero-eta urte luzeagoz bizi dena, eta hainbat dimentsiotan bete gabeko beharrak eta asmoak dituena. Bestaldean, landa-eremuak aktibo, gaitasun eta ahalmen handiak ditu, bereziki erakargarriak senior kolektiboarentzat. Txanpon baten bi alde, etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko elkar ulertu eta osatu behar direnak.

Orain arte, Rural Silver proiektuko lehengo fasea garatu da. Proiektuko talde eragilean parte hartzen dugun lurraldeetako egoera ezberdinak aztertzeaz gain, eskualdeetako eragileak gonbidatu dira proiektuan parte hartzera, eta eurei zuzendutako bi Webinar antolatu dira.

Orain hasten dugun bigarren fasean Busturialdeko bitarteko agenteak parte hartze aktiboa izango dute, eta eskualdean garatuko dogun proiektuaren talde-eragileko partaide zuzenak izango dira. Plano teorikotik jaitzi eta eskualde bakoitzean gauzatu daitezken proiektuak identifikatzea helburu izanik, Busturialdeko Zilar Ekonomiaren Mahaia (edo lan-taldea) sortu nahi da. Orain arte eskualdeko hiru erakundek parte hartu dute lehenengo faseko jardunaldietan, eta prest daude bigarren fase honetan ere gurekin lankidetzan haritzeko: Gernika-Lumoko Turismo Bulegoa, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, eta Urremendi Landa Garapen Elkartea.

Rural Silver proiektuaren bigarren fase honetako helburuak dira:

REDEL Sare mailan:

  • Lurralde ezberdinetako Mahaiak/Lantaldeak osatzen dituzten bitarteko eragileei irekitako talde tematiko partekatuak sortzea.
  • "Bisita teknikoak" beste leku batzuetan jardunbide egokiak ezagutzeko.
  • Lan partekatuaren eredua, landa-ingurunean Zilar proiektuak sortzen lagunduko duena.

Busturialdean:

  • Zilar Ekonomian egindako guztia ordenatu eta antolatzea.
  • Zilar Ekonomiako Agenteen Mapa osatzea, hala badagokio, ekonomia horrek eskaintzen duen fokua eta aukera-aniztasuna zabaltzen duten kide gehiago identifikatuz, ikuspegi sanitariotik eta zaintza eta arretatik harago.
  • Zilar Ekonomiako Mahai Sektoriala sortzea, arlo horretan "trakzio-lana" egin dezakeen lantaldea, askotariko osaera eta elkarlaneko ikuspegia izango duena, gardena, irekia eta ekintzara bideratua. Beharrezkoa izango da bere rol orokorra finkatzea (ahalduntze-eredu eta -aukera asko edo asko daude), bai eta bere kide, funtzio eta prozesuena ere, landa-eremuan zilar ekonomiaren ibilbide-orri espezifiko bat sortzea ahalbidetzeko. Konposizioan garrantzitsua da "eragile kritikoak" hautatzea, trakzio-gaitasunarekin, heterogeneoak eta jarrera proaktiboarekin.